Ohiko galderak

Ondoren, energia-ekimen horren inguruan sor daitezkeen zalantza gehienen erantzuna aurki dezakezu.

Ohiko galderak

Nola funtzionatuko du Eguterak?

Eguterak eguzki-panelen 1,2 MWko instalakuntza bat eraikiko du Zumaiako lursail batean (Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean).

Kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek instalazio horren jabetzaren zati bat eskuratuko dute, kapital ekarpen baten truke. Partaidetza horrekin beraien etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia sortuko dute.

Nor izan daiteke Eguterako bazkide?

Lehenengo hilabetean honakoei irekiko zaie bazkide egiteko aukera:

  • Zumaiako eta Aizarnazabalgo herritar edo familiei
  • Zumaiako eta Aizarnazabalgo komertzio eta ostalaritza establezimenduei
  • Tokiko jarduera ekonomiko txiki eta ertainei (kontsumo-muga gainditzen ez badute)
  • Epe hori pasata, honakoek ere izango dute aukera (herritar eta familiek izango dute lehentasuna bigarren fase honetan):
  • Inguruko herrietako herritar edo familiei
  • Inguruko herrietako komertzio eta
    ostalaritza establezimenduek
  • Inguruko herrietako jarduera ekonomiko
    txiki eta ertainek
  • Lekua egongo balitz, kontsumo-muga
    gainditzen duten jarduera ekonomikoek
Zer egin behar dut bazkide egiteko?

Bazkide egiteko lehen ordainketa bat egin beharko da. Egin beharreko kapital ekarpena ezberdina da bakoitzaren argindar kontsumoaren arabera: egin kalkulua formulario hau beteta.

Zer abantaila ditu Eguterako bazkide izateak?

1. Bazkidea bere energiaren jabe izango da, eta KM0 energia berriztagarria kontsumituko du

2. Bazkideak argindar fakturan aurreztuko du hilero, momentuko prezioaren arabera

3. Bazkideak kooperatibaren erabakietan parte hartuko du

Zein prezio izango du energiak Eguteran?

Sortzen den energiak 29 €/MWh-ko prezioa izango du, instalazio fotovoltaikoa zure uneko kontsumoa estaltzeko nahikoa energia sortzen ari den momentuetan (merkatuko bataz besteko prezio historikoa eta gaur egungo prezioa baino nabarmen baxuagoa da kopurua). Prezio hori da Egutera kooperatibari energia hori ekoiztea kostatzen zaiona.

Instalazio fotovoltaikoa behar duzuna baino energia gehiago ekoizten ari denean, soberakina merkatura saldu eta salmentarengatik konpentsazio bat jasoko duzu. Gutxiago ekoizten ari denean, berriz, falta dena merkatutik erosiko da, argindarrak momentu horretan merkatuan duen prezioan. Hori guztiori Eguterak kudeatuko du eta informazio guztia merkaturatzaileak bidaliko dizun fakturan azalduko zaizu.

Nola iristen da instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energia bazkideen etxeetara?

Instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energia sarera isurtzen da, eta bazkideak saretik kontsumitzen du, orain arte bezala. Hori horrela, etxeetan ez da inolako instalaziorik egin behar. Merkaturatzaileak hilero igorriko dizun fakturaren bitartez lotzen dira instalazio fotovoltaikoaren sorkuntza eta zure etxeko kontsumoa.

Bazkideek urte osoan eta 24 orduz argindarra izatea ziurtatuta al dute?

Bai. Ibedrolak kudeatzen duen argindar banaketa sare orokorrak matxurarik ez duen bitartean etxean argindarra izango duzula bermatuta dago, gaur egun bezala.

Eguterako bazkideek orain arte bezalaxe energia kontsumo normala ziurtatuta izango dute, nahiz eta Oikiako sorkuntza plantan (eguraldiagatik edo bestelako arazoengatik) energia sorkuntzan etenak egon. Sortzen den energia sare orokorrera bideratuko da, eta bazkideek kontsumitzen duten energia sare orokorretik hartzen da. Beraz, bazkideek gaur egun hartzen duten bezala hartuko dute gero ere behar duten energia, sare orokorretik. Ezberdintasuna da kontsumitzen duten energia adina (edo gehiago) bideratuko dutela sarera, energia berriztagarria gainera.

Nola eragingo du nire argindar fakturan?

Egutera kontsumo kooperatiba da. Bazkideak bere hileroko kontsumo fakturan kooperatiban parte hartzeagatik hurrengo kontzeptu bereziak ikusteko aukera izango du:

  • Kontsumituriko energia sorkuntza kostuaren arabera baloratuko da
  • Hasierako ekarpenaren deboluzio bat egingo da hasierako ekarpenean

    Hileroko faktura, bazkideak Kooperatibaren komertzializadorari ordainduko dio.

    Irabazi asmorik gabea denez, kooperatibak kostu-prezioan salduko du energia, eta horrek bazkide egiten diren askori gaur egun ordaintzen duen fakturarekin alderatuta hileroko aurreztea ekar dakioke.

Diru-irabazirik egon al daiteke Eguteran?

Ez. Ez bazkideek, ez Udalak, ezta Egutera kooperatibak ere ez dute diru irabazirik izango. Izan ere, Egutera kooperatiba soziala izanik, diru irabaziak sortuko balira (energia gehiago sortu duelako kontsumitu duena baino, adibidez), behartuta legoke tokiko proiektu sozialetara bideratzera (Zumaiako proiektu sozialak, Eguteraren etorkizuneko ekimenak...). Erabaki horiek kooperatibako bazkideek hartuko dituzte.

Bazkideek diru-galerarik izan dezakete?

Ez. Bazkide egiteko hasierako kopurua ordainduta, hileroko fakturaz gain ez dute bestelako ordainketarik egingo.

Nor dago guzti honen atzean?

Zumaiako eta Aizarnazabalgo udalez gain, Ekiola kooperatibak hartzen du parte proiektuan. Ekiola Mondragon Taldeko Krean kooperatibak eta EEEk (Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza) osatzen dute. Gainera, beste hainbat bazkide laguntzaile ditu egun: Gertu merkatari elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena ikastetxea.

Zer gertatzen da bazkideak bazkide izateari utzi nahiko balio?

Bazkideak aukera du edozein momentutan baja emateko.