Zergatik egin bazkide?

Bazkideek energia ekoiztu eta kontsumituko dute, prezio justu eta egonkorrak ziurtatuz.

Egutera Zumaiako Energia Kooperatibak trantsizio energetikoan funtsezko rola beteko duten energia-komunitate baten parte izateko aukera ematen die herritarrei. Nork bere energia modu jasangarrian, tokian toki, arduraz eta ahalik eta inpaktu txikienarekin sortzeko aukera eskainiz. Energia-komunitateak energia trantsizioan ekarpena egiteko modua dira, energia enpresa handiekiko dependentzia txikituz eta energia berriztagarrien sorkuntzan ekarpena eginez.

Egutera Zumaiako Energia Kooperatibaren bitartez, bazkideek euren etxeetan kontsumitzen duten adina argindar ekoiztuko dute zero kilometroko energia berriztagarriaren bitartez. Gainera, energia-komunitatearen bidez sortutako argindarrak prezio justu eta egonkorragoa izango du.

Egutera Energia Kooperatiba energia-komunitateak herritarrak, administrazio publikoak eta enpresak elkartzen ditu bere baitan. Gaur-gaurkoz, bazkide kontsumitzaileez gain, Zumaiako Udala, Aizarnazabalgo Udala, Gertu Zumaiako merkatari elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena dira kooperatibako bazkide.