Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak

2025eko martxoan planta fotovoltaikoa martxan edukiko du Egutera energia kooperatibak. Gogoratu dute Kofradiako arreta bulegoa ekainaren 27an itxiko dutela, eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte elektrizitate faktura batekin bertara joatera.

Zumaiako Energia sorkuntza eta kontsumorako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Egutera. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat eraikiko du kooperatibak, Oikian. Aste honetan bertan hasi dituzte eguzki-parkea eraikitzeko lanak, eta, 2025eko martxorako energia berriztagarria sortuko duen planta martxan egotea aurreikusten dute. Kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek, kapital ekarpen baten truke, euren etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia sortuko dute Oikiako parke fotovoltaikoan. 

Lursailean elkartu dira Egutera osatzen duten elkarteetako ordezkariak eta zenbait bazkide, eta zumaiar zein inguruko herritarrei proiektu eraldatzaile honetan parte hartzera deitu dituzte. Haien esanetan, Egutera kooperatibakoa izateak bi abantaila nagusi ditu: batetik, gure argindarraren fakturan aurreztea; eta, bigarrenik, tokiko proiektu jasangarri bati ekarpena egitea.

Bazkidetza kanpainaren lehen fasea pasata, inguruko herrietako herritarrek, merkatariek zein enpresa txikiek Egutera kooperatiban sartzeko aukera dutela ere gogorarazi dute. Gehienez ere 25 kilometroko erradiora arteko lekuetan bizi direnei onartuko zaie Eguteran sartzea, eta lehentasuna gertuen daudenek izango dute.

Azkenik, azpimarratu dute Kofradiako arreta bulegoa ekainaren 27an itxiko dutela. Halaber, jakinarazi dutenez, datorren astean herriko dendari, zerbitzu profesionaletako kide, tabernari eta elkarte gastronomikoetako ordezkariekin bilduko direla (informazio gehiago beherago)., proiektuaren inguruko xehetasunak aurrez aurre eman eta zalantzak argitzeko. Horiek guztiek hasierako kapital ekarpena zatika ordaintzeko aukera izango dute. Ekainaren 13an (osteguna) egingo dituzte bilerak: 10:00etan tabernariekin; 15:00etan dendariekin; eta, 19:00etan elkarte gastronomikoetako ordezkariekin. 

Arreta bulegoa, ekainaren 27ra arte

Egutera energia kooperatibak ohartarazi du Kofradiako arreta bulegoa ekainaren 27an itxiko dutela, eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte elektrizitate faktura batekin bertara joatera. Datorren astelehenetik aurrera ordutegia zabalduko dute: 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo dira bertan, astelehenetik ostiralera.

Internet bidez ere hasi daiteke bazkide egiteko prozesua, www.egutera.ekiola.eus webguneko formularioa beteta. Gainera, zalantzak argitzeko bi bide daude zabalik: 

  • Whatsapp zenbakia: 747 418 647
  • E-maila: info@egutera.ekiola.eus

2025eko martxorako dena prest

Beharrezko baimenak lortuta, eta kontratuak sinatuta, eta ekipo nagusien eta modulu fotovoltaikoen eskaerak eginda, dagoeneko hasi dituzte eguzki-parkea eraikitzeko lanak. Honakoak dira hurrengo pausoak:

  • 2024ko ekaina-urria: OBRA ZIBILA. Besteak beste, lursailaren egokitzapena eta lur-mugimendua egingo dituzte udara amaitu bitartean. Ondoren, bideak eta hesi perimetralak eraikiko dituzte (irailetik urrira bitartean). 
  • 2024ko iraila-urria: EGITURAK TINKATZEA. Oinarrizko lan horiek eginda, egiturak tinkatzen hasiko dira 2024ko irailean. Prozesu horretan, eguzki-plakak helduko dituzten zutoinak sartuko dituzte lurrean; zutoin horien gainean muntatuko dute egitura, eta, horien gainean, eguzki-panelak.
  • 2024ko urria-azaroa: INSTALAZIO ELEKTRIKOA. Lan horiek eginda, kableak jartzeko zangak induskatuko dituzte. Jarraian, instalazio elektrikoari lotutako lanak ere egingo dituzte: modulu guztien interkonexio elektrikoa, kableatzea eta konexionatzea.
  • 2024ko azaroa-abendua: EGITURA MUNTATU ETA PLAKA FOTOVOLTAIKOAK JARRI. Azarotik abendura bitartean eguzki-plakak helduko dituzten egitura muntatuko dute. Ondoren, egitura muntatuko dute, eta, jarraian, modulu fotovoltaikoak muntatuko dituzte.
  • 2024ko abendua-2025eko urtarrila: MARTXAN JARTZEA. Eguzki-parkea eraikita, honakoa martxan jartzeko beharrezko lanak egingo dituzte. Honakoak, zehazki: Kontrol Gainbegiralea (SCADA) eta monitorizazio-plataforma sortuko dituzte, eta transformazio-zentroa eraiki.

Horiek horrela, 2025aren hasierarekin batera eguzki-parkea elektrizitate-sare orokorrarekin lotzeko lanei ekingo diete, banaketa egin ahal izateko. Ekipo guztiak programatu eta konektatu ondoren, legeztatze-prozesuan sartuko da egutera: 2025eko otsaila-martxorako guztia prest egongo da horrela.